XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hugonoteak ihes joango zirela, Izaroko portu apalera ezertarako jo gabe.

Hamahiru untzik fraileen ametsa bete zuten; hamalaugarrenak, ordea, ez.

Bakar bat hurbildu zen irlara, baina fraileak ikaraz dantzan jartzeko nahikoa izan zen hamalaugarren hori, azken batean hugonoteek armak baitzituzten eta fraileek esku hutsak eta lanabesak besterik ez.

Kalkulu erraza egin dezakegu, zenbat hugonote izan ote ziren untzi bakoitzean jakin ahal izateko.

Ugazabak, soldaduak, marinelak eta beste halakoren bat izango zirela kontutan hartuz gero, berrogei bat etorri zirela pentsa liteke.

Komentuko fraileak, bestalde, hamaika ziren, eta ez hamaika zenbakiak adierazi ohi duen ugaritasun zentzuan, hamar eta hamabiren artean dagoen hamaika matematiko, zehatz eta urri horixe berori baino.

Hamaika fraile esku hutsik, anker izateagatik ospetsuak ziren berrogei hugonoteren aurka.

Fraileen gogoan Migel Servet nafarraren heriotza geratu zen, mamu ikaragarriaren moduan dantzan.

Ez zuten, bada, sutan erre mediku nafarra, Calvinoren agindu zorrotzak betez, Genevan?

Egia da, hala eta guztiz ere, Miguel Servet hori Gaztelako Koroaren mendeko edozein herrialdetan ere erre egingo zukeela Inkisizioak, Trinitatearen misterioaren aurkako dotrina idatzi eta zabaldu baitzuen Servetek.

Suak bide egiten zuen Europan zehar.

San Bartolome gauan bezala, ia urtebete lehenago, egurra pilatu zuten hugonoteek Genevan.

Jarraian, Calvinoren jarraitzaileek Serveten iritziei kontra egin beharrean, gizona bera erre zuten.

Eta suak Izaro eta Bermeo izan zituen erregai 1596ko irail hartan, Calvino hil eta hogeita bi urte igarota, Servet hil eta hogeita hiru urte geroago.

Izaroko fraileen nagusiak, abateak, horren berri izan zuen.

Anaia fraileek ikazkinaren fedea zuten, hau da, ikasketetan baino sinesmen hutsean oinarrituriko fedea.

Sinesmen horren arabera, deabrukumeak ziren hugonoteak.